Maddi Izaguirre Ayestarán
Université Paris 1 Panthéon-Sorbonne / Euskal Herriko Unibertsitatea.
maddi.izaguirre@ehu.eus.
https://orcid.org/0009-0003-7915-8862
ISSN: 2445-0782
DOI: https://doi.org/10.55698/SS48-2025-06
Cómo citar: Izaguirre Ayestarán, M. (2025) Praktika erlijioso-mediko, higieniko eta kulturalak uraren inguruan: mendebaldeko lurralde zirkunpiriniarra erromatar garaian. Sancho el Sabio: Revista de cultura e investigación vasca, 48, 106-127. https://doi.org/10.55698/SS48-2025-06
Fecha de recepción: 03-XI-2025
Fecha de aceptación: 19-XI-2025
LABURPENA
Ura erromatar kulturan medikuntza-, higiene- eta aisialdi-helburuetarako erabiltzen zen funtsezko elementua da. Erromatar medikuntza praktikaren zantzuak aurkitzea ez da beti kontu erraza izaten, eta gure lurraldeetan, iturri faltak zailtasunak ezartzen dizkigu arrastoari jarraitzeko. Dena den, medikuntza-zientifikoa hedatu aurreko garaietan, Antzinateko medikuntzak bestelako osagai batzuk biltzen zituen, gure gaurko ikuspuntutik medikuntza-popularretik gertuago legokeen, eta erlijioa eta elementu naturalen propietateen gaineko ezagutza uztartzen zituzten praktikak burutuz. Hari horri tiraka, erromatar garaiko euskal lurraldeetan osasun-jarduerei buruz ditugun testigantzak ezagutaraztea da artikulu honen helburua.
GAKO-HITZAK
praktika-medikoak, euskal lurraldeak, erlijioa, uren-gurtza, erromatar garaia
RESUMEN
El agua es un elemento fundamental que se utilizaba en la cultura romana con fines médicos, higiénicos y de ocio. Encontrar indicios de la práctica médica romana no siempre es un asunto fácil, y en nuestros territorios, la falta de fuentes nos impone dificultades para seguir la pista. Sin embargo, en épocas anteriores a la expansión de la medicina científica, la medicina de la Antigüedad incluía otros componentes, desde nuestro punto de vista actual más cercanos a la medicina popular, llevando a cabo prácticas que combinaban la religión y el conocimiento de las propiedades de los elementos naturales. Tirando de este hilo, el objetivo de este artículo es dar a conocer nuestros testimonios sobre actividades sanitarias en los territorios vascos de la época romana.
PALABRAS CLAVE
práctica médica, territorios vascos, religión, culto al agua, época romana
ABSTRACT
Water is an essential element of Roman culture for medical, hygiene, and leisure purposes. Traces of Roman medical practice are not always easy to identify, and the scarcity of sources makes it challenging to reconstruct. However, prior to the rise of medical-scientific approaches, ancient medicine contained other elements that, from a modern perspective, aligned more closely with popular medicine—combining religious beliefs with knowledge of the natural characteristics of elements. This research aims to shed light on the evidence of health-related activities in the Roman Basque territories.
KEY WORDS
medical-practices, Basque territory, religion, water worship, Roman times
Introducción
Erromatar kulturak bere garapenerako harremanetan egon zen beste batzuetatik eragin zuzena jaso zuela ez da inolako berritasuna, are gutxiago eragin hori hainbat alorretan agerikoa denean, erlijioan, literaturan, artean… bai eta osasun arloan ere. Erroman, medikuntza, jarduera-profesional gisa ulertuta, K.o. I. mendetik aurrera hedatu zela esan daiteke, greziar medikuntza-zientifikoaren eragina Inperiora iritsi eta pixkanaka probintzietan barrena zabaltzen hasi zenean. Noski, honek ez du esan nahi aurretiaz gaixotasunen eta erremedioen gaineko ezagutzarik ez zegoenik, ez eta ekialdetik zetozen jakintza berri hauek aurreko praktikak ordezkatu zituztenik ere. Gainera, garai eta gizarte orotan bezala, berritasun bat iritsi eta hura orokortzen den arteko prozesua luzea bezain heterogeneoa izaten da, mailakatua eta tokian tokiko berezitasunetara egokitua; are gehiago, antzinako praktika batzuk inoiz ez dira albo batera utzi ere egiten. Erromatar medikuntzarekin antzerakoa gertatzen da, mendeetako prozesu luze baten ondorioz ezagutzak finkatu bitarte (eta ziur aski gerora ere) zeharo egoera aniztuna aurkitzen dugula, eta hainbat lekutan, gurean kasu, praktika tradizionalei denbora luzez eutsi zaiela.
Artikulu honetan kontu hauetaz guztietaz arituko gara, eta erromatarrek osasunaz eta sendabideez zuten ikusmoldea aztertzea izango dugu helburu. Xede horretan, analisi-eremua gaur egungo historiografian Mendebaldeko lurralde zirkunpiriniarraren barne kokatzen ditugun lurraldeetara mugatuko dugu, hau da, Antzinatean, autrigoien, barduliarren, karistiarren, beroien, baskoien eta tarbelarren komunitateak hedatzen ziren espazio geografikora, hain zuzen ere. Kronologiari dagokionez, berriz, K.o. lehenengo mendeetan mugituko gara, mintzagai izango ditugun aztarnen gehiengoa K.o. I-III. mendeen artean datatuak izanik.
Hispaniari, bere osotasunean begiratuz gero, oro har, medikuntza-jardunaren arrasto esanguratsuak daudela esan daiteke: medikuntza-espazioei lotutako egiturak, orotariko lan-tresnak, eta profesional gisa jardun zuten gizon nahiz emakumeen izenak inskripzioetan zizelkatuta —izan mediku, emagin edo inudeak—, ezagutza popularra ez ezik, medikuntza zientifikoago baten eragina ere iritsi zelaren lekukotza dira. Ez hori bakarrik, epigrafiak genero irakurketa bat egiteko abagunea ere eskaintzen du. Osasunaren auzian —zeharka bada ere— esku-hartzen zuten jainkotasun ezberdinen gurtzaren testigantzak ere badaude, Eskulapioren gurtza, esaterako, Empúriesen2 eta Ávilan3 dokumentatuta dago, eta Juno eta Dianarena, berriz, emakumeek eurek eskainita, bereziki hegoaldean, Baetican4.
Baina gure inguruetan, tamalez, nekez aurkituko ditugu kontatu berri ditugun aztarna ikusgarri horiek bezalakorik, izan ere, garai honi buruz eskuragai daukagun informazioa nahikoa urria da, eta dagoen apurrak ezer gutxi esan diezaguke medikuntzari buruz. Salbuespen bakarra Nafarroako Foru Erkidegoan agertu diren tresneria mediko-kirurgikoen ale bakan batzuk dira; horiek izango lirateke, oraingoz, inguru hauetan medikuntza jardueraren aztarnarik zuzenenak. Tresneria horren artean specilum izeneko zunda batzuk eta ukenduak nahasteko erabil zitezkeen koilaratxoak (ligula eta cochlear) daude. Guztiak K.o. I-III. mendeen artean datatuak eta Andelo, Pompelo, Cara eta Arellanoko aztarnategietatik edota Iruñeako katedraleko indusketetatik berreskuratuak izan dira5. Aipatutako hauez gain, Pirinioen bestaldeko euskal eremuan, Arteketa-Kanpaitako inguruetan aurkitutako metalezko materialen artean, erabilera medikoetarako baliatua izan zitekeen pintza kirurgiko baten aipamena egin dezakegu6.
Gainerakoetan aztarna gutxi daukagu, eta gehienek zeharkako informazioa eskaintzen digute. Horri lurraldeen arteko desberdintasunak ezartzen dizkigun zailtasuna gehitu beharko genioke. Euskal Autonomia Erkidegoan arrasto bakan batzuk besterik ez ditugu. Arabako lurraldea izan liteke, agian, gehien nabarmentzen dena, bertan, erromatarren presentzia oparoagoa izanik, zerbait gehiago esan baikenezake. Egoera zeharo aldatzen da, ordea, Nafarroako Foru Erkidegora begiratuz gero. Probintzia honetan iturri epigrafiko zein arkeologikoak ugariagoak izanik, eta ikerketa gehiago burutu direnez —ur mineral-medizinalen alorrekoak bereziki emankorrak dira— osasunaren inguruko ardurei buruzko zertzelada txiki batzuk bederen iritsi zaizkigu, betiere erromatar medikuntza osagai anitzeko batura gisa ulertuz. Mugaz bestaldeko euskal lurraldeetan, aldiz, gaur gaurkoz ez dugu zorte bera. Erromatar garaiko ezagutzan hutsune handi bat dago betetzeko —ziurrenik ikerketa eta esku-hartze falta medio— baina pixkanaka, azken urteetan abiatutako ikerketa berriek itxaropentsu mantentzen gaituzte. Gauzak horrela, osasun-praktikei buruz eremu honetan zerbait esan ahal izateko inguruko beste probintzietatik eta Akizetik datozkigun berriekin osatu beharko genuke informazioa.
Hau guztia kontuan izanik, azterketa honetarako gure iturriak, nagusiki, epigrafia eta aztarna arkeologikoak izango dira, nahiz eta aipu literarioren baten erreferentzia puntualen bat ere ikusiko dugun. Horrela bada, epigrafiaren kasuan, oro har, Bizkaitik, Arabatik eta Nafarroatik datozkigun bederatzi inskripzio izango ditugu kontuan, Foruan (1), Guardian (1), Iruña Okan (1), Komunioien (3?), Araian (1), Barbarinen (1) eta Leiren (1) aurkituak izan direnak, hurrenez hurren. Hauez gain, mugaz bestaldeko erreferentzia izateko, Akizetik iritsitako bi epigrafe ere iruzkinduko ditugu. Aztarna arkeologikoen artean, aldiz, Gamere-Zihiga (Zuberoa) eta Bidarraiko (Nafarroa Beherea) historiaurreko leizeak, Fitero eta Iberoko (biak Nafarroan) terma erromatarrak, Bilboko eta Plentziako itsasadarrean hautemandako hainbat txanpon, eta Iter XXXIVaren inguruan kokatutako zenbait aztarna aztertuko ditugu.
1. Ikerketa ildoak
Erromatar garaiko medikuntzaren ikerketa ildo ezberdinetatik hurreratu daiteke. Modurik sinpleena, gaur egungo ikusmoldetik abiatuta, medikuntza-jardueretan aritutako profesionalengana, hauen jarduera-espazioetara, eta ezagutza-iturrietara hurbiltzea litzateke. Gauzak horrela, sendagile lanetan aritutako horien izenak ezagutu ditzakegu epigrafiari esker, esaterako. Izan ere, inskripzio funerarioak balio handiko lehen eskuko informazio-iturri dira biztanleriaren egunerokotasunera gerturatzeko, eta izenak ez ezik, lanbideen berri ere ematen digute, besteak beste. Epigrafia zentzu honetan nahikoa oparoa da, eta medikuntzaren arlo ezberdinetan jardun zuten gizon-emakumeen kopuru nahikoa esanguratsua ezagutzen da erromatar orbitan zehar sakabanatuta. Hauek espezialitatearen arabera kategoria ezberdinetan sailkatzen dira: medicus/a, obstetrix, iatromea, eta nutrix, nagusiki, greziar medikuntza-zientifikoaren eraginaren ondotik erromatar munduan barneratu zirenak. Gai hau bereziki jorratua izan da Mª Angeles Alonso Alonso ikerlariaren eskutik, bai bere doktorego-tesian7, baita gerora burututako beste hainbat lanetan ere8.
Arkeologiaren bitartez, medikuntza-jardueretako espazioak hauteman eta erromatar medikuntzaren topografia zirriborratu dezakegu. Asklepio jainkoaren tenpluak, esaterako, sendatze-zentro gisa funtzionatzen zuten; kanpamendu militarretan gaixoak eta legionarioak artatzera bideratuta zeuden tabernae valetudinariae zerizten estrukturak kokatzen ziren, latreia izenez ospitale publiko zein militarrak ezagutzen direnak; eta kaleetan ere osasun-zentro publiko moduko eraikuntzak zeuden: medicinae / tabernae medicae. Sarritan, ordea, gaixoak euren etxeetan edota medikuaren beraren etxean artatzen ziren, horretarako gune zehatzik egon gabe9. Hori guztia ez ezik, arkeologiari esker jarduera hauetara bideratutako orotariko tresneria ezagutzen dugu: zundak, bagina-zabalgailuak, matxardak, kirurgiarako koilaratxoak, kosmetika, bisturiak, labanak, palankak, kateterrak, orratzak, eta abar10. Material hauek zenbaitetan testuinguru funerarioetan aurkitzen dira, ostilamendu modura, hildakoarekin batera lurperatuta, baina beste askotan medikuntza eta kirurgiarekin lotutako materialen metaketa handiak probintzia mailako osasun-zentroen adierazgarri izaten dira. Horrek eraman ditu, esaterako, hainbat ikertzaile, penintsulan zehar zenbait hirigunek, Emerita Augusta (Merida, Badajoz), Carmo (Carmona, Sevilla), Segobriga (Saelices, Cuenca), Emporiae (Empúries, Girona), Gades (Cadiz, Cadiz), kasu, eskualde, conventus edo probintzia jakin batetik etorritako gaixoak artatzeko eta profesionalak prestatzera zuzendutako zentro medikoak izango zituztela pentsatzera11. Honek guztiak aditzera ematen digu medikuntza-jarduera profesionala sarritan eragin handia zuten hiriguneei zuzenean lotuta zegoela, eta landa-eremuetan baino hiriguneetan ohikoagoa izango zela.
Edonola ere, erromatarrek medikuntzaz ulertzen zutenera eta horren gainean zuten ezagutzara hurbiltzeko testu idatziek eskaintzen dute informazio oparoena. Zenbait autore latindarrek euren idatzietan medikuntzaren inguruko aipu puntualak utzi zituzten idatzita, hala nola, profesionalen izenak, gaixotasunak, edota erremedioak (jatorri naturalekoak). Baina jakin badakigu egon bazirela zenbait aditu medikuntzaren inguruko testuliburuak sortu eta erreferente bihurtu zirenak. Herofilo, Efesoko Sorano, Zeltso eta Galeno bezalako greziar mediku entzutetsuen lanak, adibidez, ginekologia eta anatomia arloetan aitzindariak eta erreferenteak izan ziren erromatar osasungintzako profesionalen formakuntzarako12. Ekoizpen hauek, ordea, ez ziren soilik gizonezkoen eskutik etorri, zenbait emakume ere nabarmendu ziren arlo honetan eta Tloseko Antioquis eta Salperen eskuliburu zientifiko eta medikoek, eta Metrodora emaginaren obstetrizia eskuliburuak sona handia izan zuten erromatar medikuntzan13.
Edonola ere, duela bi mila urteko medikuntzaz hitz egiterakoan inolaz ere ezin gara esandakoarekin soilik geratu, erromatar garaian medikuntzak eta osasun auziak askoz ere esparru zabalagoa hartzen baitzuten beren baitan, aipatutako medikuntza-zientifikotik abiatu eta ezagutza popularretaraino, kutsu erlijioso eta magiko bat ere bazuelarik. Dena den, erlijioa erromatar gizartearen beraren oinarrian egonik, ez da harritzekoa osasun kontuetan ere zeresana izana. Horrela bada, ohiko praktika zen osasunarekin eta ongizatearekin lotura zuten jainko-jainkosa ezberdinak gurtu eta horiei eskaintzak egitea (exvoto modura, gorputz-atal ezberdinen kutunak eskaini edota aldare edo plaka batean boto baten zina egin, eta norbere edo besteren osasunaren alde pro salute eskatu), bai eta egutegian eurei zuzendutako jai ofizialak markatuta egotea. Jainkotasunen artean Eskulapio (greziar Asklepio) eta Higia ziren izatez medikuntzaz arduratzen ziren jainko nagusiak, baina erromatar jainko-jainkosen polifazetikotasuna aski ezaguna den heinean, hainbat eta hainbat ziren, zeharka bazen ere, osasunarekin nolabaiteko lotura zutenak. Horien artean azpimarratzekoak dira Apolo, Neptuno, Merkurio, Minerva, Juno, Jupiter, eta ekialdetik iritsitako Isis eta Serapis14. Emakumeen artean, berriz, amatasunaren auzian, esaterako, Juno, Diana edota Mater Matuta jainkosek zeresan handia zuten. Ugalkortasuna indartzeko, berriz, Lupercalia, Nonae Caprotinae edota Veneralia jaiak urteko egutegiko ospakizun azpimarragarriak ziren15.
Jainkotasun ezberdinen bitartekotza ez ezik, erromatar medikuntzaren ezinbesteko beste ezaugarri bat medikuntza popularrarekiko lotura zen. Animalia, landare, eta mineralen zenbait osagairen sendatze-ahalmenean oinarritutako erremedio naturalak ziren nagusiki, maiz formula magikoen ahoskatzeaz lagunduta, helburu terapeutikoetarako baliatzen zirenak. Ezagutza hau, sarritan, emakumeekin lotzen da, eta ez da harritzekoa, izan ere, erromatar tradizioak, beste funtzio domestiko batzuen artean, matronei familiako ortuen ardura ematen zien eta horrek ondoren belaunaldiz belaunaldi igarotzen zen landareen-propietateen gaineko ezagutza garatzea ahalbidetzen zien. Plinio Zaharrak Naturalis Historia lanaren zati handi bat eskaintzen dio propietate hauen erabilera sendagarriari, xehetasun handiko deskribapen eta aplikazioak ezagutzera emanez. Izatez medikua izan ez arren, jakintza hauen gaineko ezagutza nabarmena da berarengan, ziurrenik garaiko greziar eta erromatar adituen eraginari zor diena. Urak ere bazuen zernolako zeresana erabilera terapeutiko eta medizinal modura, are erromatar kulturaren ezaugarri bihurtzeraino. Baina honetaz geroxeago jardungo gara.
Argi dagoena zera da: garai honetako medikuntza ezin dela inolaz ere gaurko begi berberekin begiratu. Osagai anitzeko multzo modura ulertu behar da, zeinetan ezagutza popularrak, erlijioak eta sinesmen-magikoek bat egiten duten euren arteko mugak ia hutsalak diren garai honetan.
2. Euskal lurraldeetako praktika erlijioso-medikoen zantzuak
2.1. Erlijioa eta osasuna: jainkotasunak
Beraz, zer aurkitzen dugu gure inguruan osasunaren inguruko kezkaren berri ematen digunik? Batetik, erlijioari dagokionez, sendatze-jarduerarekin zerikusia izan lezaketen jainkotasun ezberdinen lekukotzak ditugu botozko inskripzio bakan batzuek hala aditzera ematen digutenez. Ez dira erromatar panteoiko medikuntzari lotutako jainkotasun nagusiak, halakoren berri gurean ez baitugu16, baina piezek eurek eskaintzen diguten informazioak eta aurkikuntzaren testuinguruak osasunarekin izan zezaketen loturaren berri ematen digute. Lehenengoa, Bizkaiko Forua udalerrian, frantziskotarren komentutik hurbil aurkitu zen Ereñoko marmol gorriz eraikitako aldare txiki bat da, K.o. I-II. mende artean datatua izan dena17. M. Caecilius Montanus izeneko gizonezko batek —ziurrenik erromatar hiritarra, onomastikaren tria nomina konposizioa dela eta—, Iuilia deritzon jainkotasun bati egiten dion botozko eskaintza da. Ez dugu izate honen inguruko inongo beste berririk, beraz, litekeena da tokiko jainkotasun bat izatea. Testua arretaz aztertuz gero, badirudi osasunarekin nolabaiteko lotura izan dezakeela bere seme Fuscusen osasunaren alde —pro salute— egiten baitzaio eskaintza. Hipotesi batzuek teonimo honek euskarazko “ibili” aditzarekin zerikusia izan dezakeela adierazi dute18.
Bigarrena, Araban, Guardian agertutako aldare txiki bat da, apenas 30 zentimetroko altuera duena19. Inskripzioak, K.o. II-III. mende artean datatua izan denak, ez du informazio askorik eskaintzen, Pompeia Primitiva izeneko emakume batek Matres jainkosei eskainitakoa dela, ez beste ezer20. Matresak zelta jatorriko jainkoak ziren, ugalkortasunaren eta ugaritasunaren sinbolo, eta, aldi berean, naturaren eta gizakien babesle. Oro har, hiruko taldeetan irudikatzen dira, ugalkortasuna eta ugaritasuna sinbolizatzen dituzten ikurrekin batera, eta hirukoiztasuna beren izaera eta ahalmen jainkotiarra areagotzeko modu bat zen21. Jainkotasun hauek ama-lurraren gurtzarekin lotu ohi dira, eta horrek egiten du euren gurtza, ziurrenik, Europako mundu zeltikoan zabalduen dagoen kultuetako bat izatea. Baina Hispanian badirudi kultua ez zela Germanian edo Galian bezainbeste hedatu, orotara hogei bat ale aurkitu baitira, deigarria izanik Meseta zentral eta Ebro ibarreko (Soria, Errioxa, Araba eta Burgos) kontzentrazio nabaria.
Azkenik, osasunarekin baino babesa eta ongizatearekin lotuago, Tutela jainkosaren lekukotza dugu jasota Veleiako (Iruña Oka) inskripzio batean22. Matres jainkosen kasuan bezala, hura ere babesle modura aurkezten da, izaera orokorrago batekin, hirien haragitze eta babesle modura interpretatu ohi da, batik bat23. Iruña Okako piezak, ordea, eduki aldetik ez digu informazio handirik eskaintzen, T. Flaminus zeritzon gizonezko baten oinordekoek Tutelari eskaintza egiten diotela besterik24. Badirudi eskaintza pribatu edo familiar bat dela, baina ez zaigu informazio gehiagorik eskaintzen ezer argirik esan ahal izateko. Antzeko egoera batean aurkitzen gara Akizeko Tutelaren adibidearekin25, kasu honetan eskaintzailearen izena soilik ezagutzen dugu, eskaintzaren helburua zein izan zitekeen arrastorik utzi gabe26. Hortaz, biek ala biek galdera ugari uzten dituzte airean erantzunik gabe.
2.2. Uren sakralizazioa
Osasunari lotutako beste fenomeno bat, eta gure lurraldeetan bereziki oparoa dena, uren sakralizazioa da. Uren propietateak sendatze helburuetarako aspaldidanik ustiatuak izan direla egun nahiko ongi ikertuta dagoen gaia da eta zenbait autore klasikoren lanei esker, Antzinate erromatarrean ere iturburu hauen berri, hauen sendatze-ahalmenaz eta horien jainkozko babesaren ezagutza ere bazutela jakin badakigu. Plinio Zaharrak, esaterako, bere Naturalis Historia lanean urak beren propietateen eta erabilera terapeutikoen baitan sailkatzen ditu, horien gaineko ezagutza sendoa erakutsiz (31.2.4, 31.3.6, 32.59). Horrez gain, erromatar geografian zehar bertako uren propietate sendagarriengatik nabarmentzen diren guneak aipatzen ditu, horien artean gure gertuko Pirinioak, egun oraindik ere interes-turistiko izaten jarraitzen duen termalismoa bere jatorrira eramanez.
Egun aurkezten zaigun arazoetako bat, ordea, iturburu mineral hauen antzinakotasuna frogatzean datza. Izan ere, euren ustiapena Antzinatetik datorren edota XVIII-XIX. mendean termalismoaren boladari eta “urak hartzera” joateko zaletasunari esker bidaiarien joan-etorriaren ondorioz ezagutu diren jakitea ia ezinezkoa da zenbaitetan, baldin eta arkeologiak edo emariei atxikitako objektuek inongo laguntzarik ematen ez badute27. Zalantza horretan uzten gaitu, adibidez, Gamere-Zihigako “Lamina Ziloa” izenez ezagutzen den iturburuak. Jakin badakigu XIX-XX. mendeetan bidaiari anitz erakarri zituztela bertako urek eta inguruan bainulariak hartzeko bi eraikin egon zirela, baina ez dakigu beren antzinakotasuna zenbat atzeratzen den denboran28.
Beste zenbaitetan, uren sakralizaziotik sortu zen beste fenomeno bat santutegi termalen agerpena da. Gure inguruetan ez ditugu asko, baina Zuberoan, Gamere-Zihigan, Etxeberri historiaurreko kobazuloa balizko santutegi baten kasutzat hartu izan da, bertan aurkitzen den iturburu bati lotuta erromatar garaiko zenbait zeramika zati aurkitu direlako uren gurtza adieraz dezaketenak29. Edota, beste zenbaitetan, santutegi termal hauen misteriotik Harpeko Saindiarena (Bidarrai, Nafarroa Beherea) bezalako hala-nolako kontakizunak sortu dira tokiko kultura herrikoian iraun dutenak. Mendian sarturik dagoen kobazuloko estalaktita bat da ongilea, eta, legendaren arabera, jainkotasun honek sendatzeko erritualak egiten ditu, bertako ura azaleko gaixotasunetarako onuragarritzat jotzen delarik. Kondaira hau, ziurrenik, Erdi Aroan zehar sortuko bazen ere, Pirinioetan bezalaxe, gurean ere sinesmen zaharrak eta kristauak elkarrekin bizi izan zirelako froga bizia da30.
Iturburu hauen ustiapena probestuz, zenbait gunetan termalismoaren jarduera loratu zen hainbat hiriguneren loratzea ekarriz, eskualde mailako garrantzia erdiestera iritsiz; horixe izan zen, esate baterako, Akizeren kasua31. Gurean, Pirinioak salbu, badirudi Nafarroako lurraldea nahiko emankorra izan zela zentzu honetan, eta bertan gai honi buruz egin diren ikerketa-lan ezberdinek lurraldearen ikuspegi nahiko zabala eskaintzen digute. Ur mineromedizinalak eta/edo termalak sendatzeko erabiltzeak tradizio luzea du Nafarroako lurraldean, eta ia kasu gehienetan Brontze eta Burdin Arora atzera egin behar da bere hastapenetara iristeko. Baina praktikan, erromatarren aurreko garaiei buruzko ia datu guztiak falta dira. Lurralde honetan hiru eremu bereizten dira: Nafarroako mendialdea (Elgorriaga, Betelu, Altsasu eta Aribeko uren nabarmentzearekin), Iruñerria (Burlata, Ibero, Etxauri eta Belaskoaingo urak) eta Errioxa aldea, Fiteroko terma erromatarren presentziarekin32. Horietako asko XIX. mendean termalismoaren fenomenoak gora egin zuenean propagandari esker ezagutzera eman eta popularizatu ziren, euren izena lehen aldiz nazio-mailan ezagutzera emanez33. Euren esanguragatik, eta ikerketa gehien aurrena eraman izanagatik, Fiteroko eta Iberoko termetan jarriko dugu arreta jarraian.
Fiteroko terma erromatarrak Nafarroa Hego Ekialdean kokatzen dira, Fiteroko udalerritik 4 kilometrora, Alhama ibaiaren ezkerrean, eta erromatar garaiko instalakuntzak egungo “Virrey Palafox” bainuetxearen inguruetan kokatzen dira. Bertako uren propietateak Burdin Aroaz geroztik ustiatuak izan dira, baina ur hauen lehen aipu literarioak Erdi Aroan kokatzen dira (Cartulario de Fitero eta Liber Sancti Jacobi idatzietan), mirari baten testuinguruan. 1861ean jakinarazi zen, ordea, lehen aldiz erromatar eraikuntza batzuen aurkikuntza (gerora K.o. I-II. mende inguruko terma erromatarra izango zena) eta ondotik zenbait aztarna gehiago, hilarri zati bat, luzerna bat, txanpon batzuk eta brontzezko medailoi bat ere agertu ziren. Mende bat geroago, 1982ko modernizazio lanetan aztarna gehiago agertu ziren arte ez ziren leku haren benetako garrantziaz jabetu. Orduan bistaratu ziren erromatar garaiko igerileku zirkular bat (alveus) eta ura biltzen den estruktura bat (castellum aquae)34. Dirudienez, terma hauek estruktura sinplea zuten, eta ez dute ez berogailu ez hypocaustum sistemarik erakusten (honek iturburuko uraren tenperatura altuaren berri ematen digu). Beraz, badirudi ustiapena Burdin Aroaz geroztik egiten bazen ere, erromatarren iritsierarekin sistematizatu zela iturburu hauen esplotazioa35.
Iberon, berriz, Iruñeatik 12 kilometrotara, Arga eta Arakil ibaien elkargunean, iturburu termal eta medizinal bat, eta XIX. mendean eraikitako bainuetxearen arrastoak kontserbatzen dira. Baina horrez gain, Iberon zein bere inguruetan, erromatar garaiko hainbat aztarna agertu dira: sarkofago anepigrafiko bat, zenbait inskripzioren zatiak, eraikuntza materialak (tegulae eta zutabe puskak), zeramika hondarrak eta txanponak, besteak beste. Aztarna hauek guztiek aditzera ematen digute iturburu horri lotutako ingurunea gutxienez erromatar garaitik ustiatua izan dela uren propietateen onurez profitatzeko36.
Uren sakralizazioaren fenomeno honi lotuta, erromatar orbita osoan zehar hedatzen den ohiko praktika zen iturburu, laku, zein bestelako ur-metaketetan, jainkotasun urtarren eskertzei lotutako botozko objektuen eskaintza. Zentzu honetan, hobekien egiaztatutako eremuen artean daude Po bailararen ekialdea (Emilia-Romagna eskualdea), Etruria hegoaldea (egungo Toskana) eta Latium iparraldea; hala ere, litekeena da horrelako lekuen kopurua handiagoa eta zabalduagoa izatea Antzinatean37. Ezagunenak tenplu eta santutegietatik berreskuratu diren milaka botozko objektu dira, ohikoenak forma anatomikoak, jainkotasunari osasun onagatik, sendatzeagatik, emankortasunagatik edo urarekin lotutako beste zerbaitengatik egindako esker-eskaintzatzat har daitezke38.
Gurean, ordea, eskaintza hauek forma anatomikoan baino txanpon modura aurkitu dira. Hala ere, ezer baino lehen, aurkikuntza horien balorazioak dakartzan zailtasunez jabetu behar gara. Izan ere, batetik, litekeena da praktika hau aurkitzen diren lekukotza kopuruak adierazten duena baino ohikoagoa izatea, baina horien proportzio txiki bat besterik ez zaigu iritsi, zoria lagun, ibai, laku edo iturrien hondoan pausatuta edo katigatuta geratu ziren horiek. Gainerakoak, uraren emariak jaurtitako piezak barreiatzen ditu, eta beraz, pentsatzekoa da, horietako asko galdu izana edota aurkikuntzak bere jatorrizko testuingurutik kanpo egotea. Bestetik, deposizioaren beraren faktoreak kontuan izan behar dira, eta gehienetan, beharbada, txanpon-galeraren kasualitatea bera izanik arrazoia, ezin gara pieza oro eskaintza izan daitekeenaren uste okerrean erori. Muga hauek ezagututa, oso tentuz ibili behar da pieza hauen balorazioa egiterakoan, arriskuak ekiditeko, egokiagoa litzateke hipotesiez eta eskaintza posibleez hitz egitea39.
Esandakoa kontuan izanik, aztertzen gabiltzan eremu geografikoan, mapako hiru puntu ezberdinetan bederen hauteman dira ustezko txanponen ofrendak.
Batetik, Bilboko itsasadarrean, Portugalete eta Las Arenas bitarteko ibaiaren bokalean, K.a. III. eta K.o. III. mendearen artean datatzen diren hogeita bat txanponen ebidentzia topatu ziren (horietatik zortzi zalantzazko jatorrikoak) XX. mendearen hasieran, dragatze lanen testuinguruan40. Handik hurbil, Plentziako itsasadarrean, beste hiru ebidentzia hauteman ziren, K.o. I-III. mendeen artekoak, 1965eko ekainaren 7an prentsan jakitera eman zenez41. Azkenik, Fiteroko erromatar termetan, 1861eko hobekuntza lan batzuen testuinguruan hainbat erromatar txanpon eta Marko Aurelio eta Komodo enperadoreen medailoi bat aurkitu ziren, azken hau castellum aquae ur-deposituaren inguruan, eta kokapen horrek eraman zituen zenbait urei eginiko eskaintza bat izan zitekeela pentsatzera42. Dena den, jada aipatu diren arrazoiengatik, ondorioztapen ausartegia da pieza monetario hauek ofrenda modura hartzea, eta egokiagoa deritzogu hipotesia balizko aukera gisa aurkezteari.
2.3. Jainkotasun urtarrak
Uren sakralizazioaren beste ondorio bat izaera urtarreko jainko-jainkosa ezberdinen agerpena da. Erlijio erromatarrean ohikoa zen elementu natural zein kontzeptu abstraktuak antropizazio prozesu batetik igaro eta gorputz-haragizko izatea hartzea. Horixe bera aurkitzen dugu uren kasuan ere: testigantzek iturburu, ibai, edota orokorrean urarekin lotutako jainkotasun ezberdinen eta horien gurtza-praktiken existentzia berresten digute, baita euskal eremuan ere. Hispanian, izaera erromatar nahiz indigenako uretako jainkotasun ezberdinen lekukotzak ditugu, Bormanicus, Coventina, Edovius, Genius, eta Tutela, Aqua, Fons, Salus, eta ninfak, esaterako, garrantzia eta lekukotza kopuruan elkarrengandik oso ezberdinak direnak43.
Gure inguruetan, ia esklusiboki, ninfen gurtza da nabarmentzen dena, eta ale bakan guztiak Araba eta Nafarroako eskualdeetan biltzen dira. Baina ninfen gurtza aztertzen hasi aurretik, begirada azkar bat emango diogu bestelako jainko-jainkosa urtarren presentziari euskal lurraldeetan, izan ere, oro har, aztarna gutxi dago iruzkintzeko.
Uren sakralizaziotik eratorritako jainkotasunen artean, ninfak alde batera utzita, Leucinarena da urarekin harreman zuzena izan dezakeen adibide bakarra gure inguruetan44. Lantaronen, Komunioiko San Kornelio eta San Ziprianoren elizan hautemandako pieza bakar bat besterik ez dugu, zenbaiten aburuz jatorria kilometro gutxira dagoen Cabrianako villa erromatarrean izango zuena eta gerora materialen eraikuntzarako berrerabilia izango zena. Inskripzioa, hareharrizko aldare batean txertatua, informazioaren soiltasunagatik eta gaurdaino Hispanian aurkitu den jainkotasun honen lekukotza bakarra izateagatik bereizten da. Jainkosa hau, ordea, dagoeneko ez da ezezaguna, izan ere, beste erromatar probintzia batzuetan, Panonian, Norikon, Zisalpinan, Korsikan edota Italian, esaterako, antroponimia hau eta bere eratorriak ezagunak dira. Epigrafeak ez du inolako informazio gehigarririk eskaintzen jainkosaren izena eta hura osatzen duen formulaz haratago. Ikerketen arabera, litekeena da izena grekerako leuk, leukos errotik eratorri izana, eta gauzak horrela “dirdiratu” edo “argia” bezalako hitzekin lotura zuzena izatea45. Hipotesi hau kontuan izanik, ez litzateke harritzekoa, beraz, epigrafearen jatorria Cabriana inguruan egongo litzatekeela proposatu izana, jakinda inguru horretan dauden zenbait iturburu aspaldidanik baliatuak izan direla, eta beraz, jainkosa honek, urarekin harremanetan jarriz, baliteke iturburuen argitzaile/bilatzaile modura jardutea.
Aipatutako hau da euskal eremuetan erromatar garaiko jainkotasun-urtarren lekukotza bakarra, uren osasun-propietateekin lotura zuzena izan lezakeena bederen. Edonola ere, badaude bestelako jainkosa batzuen zantzuak, jada lan honetan aipatuak izan direnak, eta zeharka bada ere, nolabaiteko lotura izan dezaketenak urekin eta hauen sendatze-propietateekin.
Horietako kasu bat Matres jainkosen gurtzarena da, eta gure inguruetan lekukotza bakarra utzi badu ere, Guardiako epigrafeak jainkotasun honetaz hitz egiteko abagunea eskaintzen digu. Lehenago esan bezala, jainkotasun femenino hauek izadiaren eta gizakiaren babesle gisa hartu ohi dira, emankortasuna eta ugalkortasuna bere osotasunean sinbolizatuz, bai eta lurraldearen babesle gisa ere. Baina, sarritan, jainkosa hauei eskainitako inskripzioen testuinguru-arkeologikoaren berezitasunak beste interpretazio-lerro bat zabaltzera eraman ditu ikertzaileak. Izan ere, Hispaniako probintzietako eskaintza gehienak iturburu mineral-medizinal eta termaletatik hurbil agertu dira. Hori dela eta, Joaquín Gómez-Pantojak jainkosa hauen eginkizun sendagarri-babeslea azpimarratu zuen, eskura dauden ebidentziek Matresak uretako ahalmen sendatzaile gisa gurtuak izan zitezkeela argudiatuz, zenbaitetan ninfekin eta bestelako jainkotasun urtarrekin nahastuz. Hipotesi honek badu zentzua emankortasuna, ugaritasuna eta osasuna urei normalean lotutako gaitasunak direla aintzat hartzen badugu46. Testuinguru honetan aurkituko luke zentzua Guardiako aldareak, non arkeologiak, herrixkatik hurbil, bigarren Burdin Aroaz geroztik ustiatua izan den iturburu bat hauteman zuen. Beraz, inskripzioaren aurkikuntza tokia kontuan izanik, zentzuzkotzat jotzen dute iturburuarekin harremana izatea, lekua hala-nolako jainkosaren santutegi bihurtuz eta Matres jainkosak ura bezalako elementu ongarri eta terapeutiko batekin lotuz47.
Antzeko egoera batean kokatzen da Akizen agertutako Tutela jainkosaren kasua. Hasieran esan bezala, oro har, jainkosa hau hiriaren haragitze eta babesle modura interpretatu ohi da, baina urekin lotutako jainkosa gisa ere har liteke kasu jakin batzuetan. Bere deia termala izan zitekeen, bainutokietan edo santutegi termaletan agertuz gero eta kasu horietan lekuak, giza taldeak edo gizabanakoak babesteko funtzioa hartuko luke bere gain48. Beraz, kontuan izanik Akizeren garrantzia termala erromatar garaian, ez litzakete zentzugabekeria izango bi elementuen arteko balizko loturan pentsatzea. Gainera, ez litzateke lehen aldia izango Tutelaren gurtza ur-termalen testuinguruan agertzen dena49, eta zenbait autorek izaera urtarra ematen diote jainkosa honi. Noski, Akizeren kasuan inskripzioak eskaintzen duen informazioaren urritasunak ez du tokiko jainkosa honen izaera ziurtasunez ezagutzea ahalbidetzen, baina zenbaiten hitzetan jainkotasun hori urekin ez ezik, Akizeren kasu zehatzean bertako Fontaine Chaude konplexu termalarekin erlazionatu liteke, nahiz eta aldarea hiriaren harresian aurkitua izan zen50.
Dena den, jada aurreratu bezala, jainkotasun urtarren artean ninfen gurtza da urtarren artean gehien gailentzen dena ebidentzien arabera. Aztergai dugun eremuan orotara bost lekukotza ezagutzen dira, berriz ere Araba eta Nafarroa nagusi direlarik. Beraz, aurkikuntzen lurraldeko barreiatzea bat dator orain arte ikusitakoarekin. Hala eta guztiz ere, J. Andreuk burututako ninfen gurtzaren Hispaniako presentzia epigrafikoaren katalogoak erakusten digunez, testigantza hauek Penintsulako aztarnen gutxiengo bat besterik ez dute osatzen, berak zenbatutako ia 110 lekukotzetatik, bost besterik ez baitagozkio aztertzen gabiltzan lurralde-eremuari51.
Arabari dagokionean, botozko hiru pieza zenbatu dira ninfei eskainitakoak, bata Araian (hareharrizko aldare bat52) eta beste biak Komunioien (hareharrizko aldare53 bat eta kareharrizko plaka bat54), egungo komunitateen arteko mugatik oso hurbil. Testuak nahiko soilak dira, eta Araiakoaren kasuan bakarrik aipatzen da eskaintzailearen izena: Capitus, ziurrenik inguru horietako bizilagunen bat, nahiz eta izena nahiko zabaldua dagoen Ipar Mesetan. K.o. II. mendean datatu den pieza hau, Zirauntza ibaiaren iturburuan aurkitu zen eta egun Arabako Museoan gordetzen da. Komunioiko bi piezek, aldiz, zalantza gehiago aurkezten dituzte. Aldarearen kasuan, Komunioiko presako lanetan aurkitu zen, eta Ebro ibaiaren testuinguruan aurkitu izanak eta ninfen gurtzari aipua egiteak uren sakralizazioarekin lotura izan dezakeenaren hipotesia mahai gainean jartzen dute. Kareharrizko plaka, berriz, herriko villa erromatarreko indusketetan azaleratu zen, eta nahiz eta K.o. II. mendean datatua izan, inskripzioaren irakurketarako arazoak eta informazioaren urritasuna medio, zalantza ugari sorrarazten ditu bere izaeraren inguruan, bai eta ninfen ustezko erreferentziaren inguruan ere55.
Gure inguruetan ninfei eginiko kultuaren azken bi lekukotzak Nafarroatik datozkigu, bata Barbarin inguruko San Migel kastrotik, bestea Esatik eta Leireko Monastegiaren ingurutik hurbil, eta honakoak dira baskoien lurraldeetan ninfei eginiko eskaintzen adibide bakarrak. K.o. I. mendeko Barbaringo pieza tamaina esanguratsuko aldare bat da eta bere berezitasuna eskaintzailea emakume bat izatean datza56. Gainera, onomastikari erreparatzen badiogu, Sempronia Flaua, izenaren konposizioak (duo nomina erromatar emakumeen kasuan) eta elementuen kutsu erromatarrak inguruneak erromatar orbitan nolabaiteko integrazio maila bat erdietsita zuela erakusten digu57. Ez hori bakarrik, inskripzio honek, era berean, euskal lurraldeetan hautematea konplikatua den emakumeen inplikazioa erlijioan, bereziki ninfen gurtzan, frogatuko luke. Dena den, Arabako adibideetan ez bezala, Barbaringo kasu honetan bitxia da gurtza honen testigantza ustez ez dela inongo iturbururen testuinguruan kokatzen, edo gutxienez oraingoz ez da halakorik hauteman.
Nafarroako bigarren adibidea, K.o. II. mendean datatua, Leireko Monastegiaren inguruetan hauteman zen, eraikuntza-material gisa berrerabilitako inskripzio batean, hain zuzen ere58. Egun Nafarroako Museoan gordetzen den botozko aldare honetan eskaintzaile bat eta bakarra aurkezten zaigu, onomastika erabat erromatarra duena, Quintus Licinius Fuscus, vareiar jatorrikoa, egungo Logroñotik gertu, beroien lurraldekoa, alegia. Inskripzio hau benetan deigarri bihurtzen duena, ordea, izenaren ostean aipatzen den elementua da, aquilegus terminoa, ogibide bati erreferentzia egiten diona, eta ia zalantzarik gabe urari lotutako ofizio batekin erlazionatu dena. Ziurrenik lurpeko uren bilatzaile modura jardungo zuen gizabanako honek, Kolumelak (De re rustica, 2, 2.20) indagatoribus aquarum modura izendatzen dituen horiengandik gertu ibiliko zelarik. Egun, monastegiaren inguruetan hainbat iturburu ezagutzen dira, eta honek nolabait eremu honetan aquilegus baten agerpena azalduko liguke. Ez hori bakarrik, inskripzio honek zeharkako bestelako informazioa ere eskaintzen digu. Izan ere, pentsatzekoa da indibiduo honek bere jatorritik hurbileko eskualdeetan eskainiko zituela bere zerbitzuak, hots, Vareia erdigune hartutako ingurune batean. Beraz, bere presentzia Leire bezalako leku “urrun” batean eskatu izanak bi hipotesi aurkezten dizkigu: edo ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik bere jaioterria utzi eta Leireko inguruetara lekualdatu zen, edota bere zerbitzuek eskualde mailatik haratago zihoan ospea erdietsi zuten. Nolanahi ere, argi dago gizabanakoen mugikortasunaren islada dela adibide hau, bai eta urak erromatar kulturan zuen garrantzia ulertzeko parada ere, horretara eskainitako lanbide bat eta guzti baitzegoen. Bide batez, erromatar orbitako epigrafian orotara aquilegus lanbidearen bi testigantza soilik egoteak (biak ala biak Hispanian59) eta horietako bat gure lurretan izateak balioa eransten diote epigrafe honi60.
Aipatutako guztia kontuan izanik, euskal lurretako aurkikuntzek aditzera ematen digutenez, badirudi urarekin eta bere sendatze-ahalmenarekin lotura duten jainkotasunen ebidentziak, oro har, uren testuinguruan aurkituak izan direla, nahiz eta pieza horietako bakoitza leku horietan apropos utziak izan ziren, edota beste toki batetik urak barreiatuak izan diren, erabat ziur jakitera iritsiko ez garen. Dena den, ia bi mila urte geroago, guretzat, jainkotasun hauek urtar zentzua hartzen dute, hein batean, testuinguru arkeologikoari esker.
3. Uraren beste erabilerak: higienea eta aisia
3.1. Banaketa geografikoa: peutingerren taula eta iter xxxiva
Helburu higieniko eta ludikoa zuten bainuez gain, erromatar munduan estruktura eta helburu ezberdinerako baliatutako bestelako terma batzuk ere aurkitzen ditugu: ur-sendagarriak. Gauzak horrela, hirietako termen kokalekua gainerako eraikinen arabera hautatu eta eraikuntza-patroi ezagunei erantzuten zien bitartean, sendatze-propietateak zituzten establezimendu termalen ezarpena ingurunearen ezaugarri geologikoek baldintzatzen zuten, uren tenperatura eta propietateak ezinbestean kontuan hartu beharreko faktoreak baitziren. Gizakiaren ur hauen ustiapenaren ondotik, erromatar Inperioaren garaian iturburu hauen inguruan hainbat eta hainbat hirigune sortu ziren, Aquae modura aski ezagunak zaizkigunak, eta tokiko mailan, bai eta probintzietatik haratago ere, nolabaiteko ospea erdietsi zutenak61. Horietako batzuk egungo toponimiari esker identifikagarriak zaizkigu.
Kokaleku hauen aipamena noizbehinka agertu ohi da iturri idatzietan, baina hauetara lehen kolpe batean hasierako hurbilketa bat egiteko modurik errazena, ziur aski, Peutingerren Taula kontsultatzea izango litzateke. Egun Vienan, Austriako Liburutegi Nazionalean, kontserbatzen den dokumentu hau K.o. IV. mendearen bigarren erdialdean idatzitako jatorrizkoaren kopia da, ziurrenik XII-XIII. mendean gauzatutakoa, eta bertan antzinako erromatar Inperioko eta inguruko beste eskualde batzuetako galtzada-sarea irudikatzen da, modu eskematikoan. Sei metro baino gehiagoko luzera duen pergaminoak erromatar Inperioa bere hedadura gorenean estaltzen du, Atlantikotik (Britania) Indiaraino. Ez da mapa geografiko zehatza, baizik eta ibilbideak eta funtsezko puntuen arteko distantziak nabarmentzen dituen bidaia-gida. Galtzadak, hiri nagusiak, postak (etxeak) eta interesguneak irudikatzen ditu, horien artean bainuetxeak eta haien inguruan hazitako balnear-hiriak, gutxienez 35 dokumentatzen direlarik. Interesgarriena dena zera da: dokumentuak agerian uzten duela maparen egileak leku horiek nabarmentzeko zuen xedea, eta bereziki bainuetxeek erromatar kulturan zuten esangura uren erabilera terapeutikoari lotuta62. Horrelako mapa batean balnear-hiriak irudikatzeko interesak argi uzten du garai hartako bidaiarientzat gune hauek nolabaiteko erakargarri turistikoak eta balio handikoak zirela.
Gure inguruetatik gertuen aipatzen den hirigune termala, eta Hispaniako bakarra, Gironakoa da, Aquis Voconi, baina horrek ez du esan nahi gure inguruetan galtzadei lotutako bainuetxerik ez zegoenik63. Gure lurraldea Iter XXXIV Ab Asturica Burdigalam galtzadak zeharkatzen zuen (irudia 1), Astorga eta Bordele Pirinioetako igarobidearen bitartez lotzen zituenak, eta bide horren ertzean loratu ziren zenbait hirigune eta atsedengunetan arkeologiak zenbait terma identifikatu ditu bidaiarien atseden eta berreskurapenerako64.
Irudia 1:
Iter XXXIV galtzadaren ibilbidea. Iturria: Wikimedia Commons.
Autrigoien lurraldean Virovesca eta Deobriga atzean utzi eta Veleia bitartez Araban sartzen zen galtzadak bere ibilbidean Arkaia-Suestatium eta Mariturriko geralekuak zituen65, bietan termaguneak identifikatu direlarik66. Jarraian, Nafarroako lurretan barrena igarotzen da, iparralderanzko norantzan, eta bidearen alboetan geratzen dira, esaterako, Artziko67 eta Zalduako (Auritz/Burguete)68 aztarnategiak, bietan ere termagune esanguratsu bat dokumentatuta dagoelarik69. Gune estrategiko hauek bidea zabaltzen diote galtzadari ondoren Pirinioak zeharkatuz Galia erromatarrean jarraitzeko. Mugako ateetan Donazaharre/Saint-Jean-le-Vieux-ko aztarnategiak egiten dio harrera bideari70, eta bertan egindako hainbat kanpainari esker, termagune bat bistaratua izan zen71. Behin honakoa zeharkatuta, galtzada pixkanaka gure lurraldeetatik ateratzen da iparralderantz Bordelerantz, bidean, noski, hirigune-termal galo-erromatar nagusienetakoa zen Aquae Tarbellicaetik igaroaz.
3.2. Osasuna joan-etorrien faktore mugikor gisa
Jakin badakigu osasun-egoera hobetzeko desira bidaia bati ekiteko motorra ere izan zitekeela Antzinate erromatarreko populazioarentzat eta itxaropen horretan jende anitz mugitzen zela. Suetoniok dioskunez (Suet. Aug. 82.2.), Augusto enperadorea bera ere maiz bertaratzen zen Albulako ur-termaletan bainua hartzera bere osasun egoera ahula arindu nahian. Edota, Kalpurnia, Plinio Gaztearen emaztea, Kanpaniara lekualdatzen zen bere gaitzak tratatzera (Plin. Epist. 6.4)72. Gurean antzerako kasuak ziur egon bazeudela, baina iturrien mugak medio ezin esan genezake ezer ziurrik. Erregistro epigrafikoari zor diogu ustezko kasu batera hurbiltzeko aukera bakarra. Jadanik esana den bezala, antzinako Aquae Tarbellicae (egungo Akize), leku ezaguna zen Antzinatean bertako uren propietateengatik, eta hortaz, gaitzen bat sendatu nahi zuen ororentzat helmuga bikaina zen. Bada bertan kareharrizko plaka bat, K.o. I. mendearen lehen erdian datatua, zeinetan inskripzio funerario batean Aquae Tarbellicaen zendu eta ehortzia izan zen Pompaelonensis bat (egungo Iruñea) aipatzen den73. Pompeloko bizilagun bat bertan agertu izanak, ordea, ez gintuzke bereziki harritu behar, izan ere, bi hiriak (Pompelo eta Aquae Tarbellicae) Hispania eta Akitania lotzen zituen eta Antoninoren Ibilbidean deskribatzen den Iter XXXIV ardatzak zeharkatzen zituen. Gainera, biak ala biak ere ingurunean nolabaiteko garrantzia zuten hiriak ziren, bereziki Aquae Tarbellicae, garai hartan Pirinio eta Bordele artean esangura nabarmena zuen hiri bakarra baitzen, hein batean, bertako ur-termalen erakargarritasunari zor ziona. Zalantza, ordea, norbanako horren bidaian datza. Zerk bultzatuko zuen bere hiria atzean utzi eta beste batera lekualdatzera? Hipotesi ezberdinak daude mahai gainean. Ardatz hori profitaturik, merkataritza ogibide izango zuen merkatari bat ote zen? Ala, gaixotasun bat medio, hiriko ur-termalen onurak jasotzeko itxaropenean joango zen bainulari bat, akaso? Tamalez, eskuragai daukagun informazio urriak ez du ahalbidetzen bidaia horren funtseko arrazoia zein izango zen ziurtasunez jakitea, eta beraz, uste hauei eustea besterik ez da geratzen momentuz, inongo aukerarik baztertu gabe74.
4. Ondorioak
Euskal lurraldeei errepaso azkar bat eman ondoren argi geratu dena zera da: gurean medikuntzaren eta osasunaren inguruko arduraren inguruko erromatar arrastoak jarraitu nahi badira bide konbentzionala albo batera utzi eta beste zantzu batzuei eutsi behar zaiela. Tamalez, gurean ez dugu medikuntza lanbide profesional modura berresten duen testigantza handirik (horrek noski, ez du zertan esan nahi egongo ez zenik), baina Antzinateko medikuntzak bestelako osagaiak zituela kontuan harturik (ezagutza herrikoia, erlijioa eta sinesmen magikoak uztartzen zituena), “medikuntza-alternatiboaren” inguruko aztarnak nahiko emankorrak direla ikusten da.
Uren gurtza eta terma jarduera gurean nahikoa zabalduta zegoela antzematen da, bereziki Nafarroan, bai eta Iter XXXIVari lotutako zenbait gunetan ere, Araban zein Nafarroan. Argi dago erromatarrek terma-kulturaren bitartez higienea, osasuna eta aisia uztartzen zituztela eta erromatar kulturaren zeinu identitario bihurtu zen praktika hori Inperioan barrena zabaldu zela, baita gurean ere. Baina testigantza epigrafikoek osasunarekin lotutako bestelako jainkotasun batzuk ere bazeudela adierazten digute, eta batzuetan izen propioekin, beste zenbaitetan ura bere izatean gurtzen zutela ere argi dago.
Baina zoritxarrez, eskuartean daukagun informazio urritasunak ez digu baieztapen gehiegi egiteko aukera ematen gure inguruko osasungintza-praktiken inguruan, eta beraz, egokiagoa da oraingoz zuhurtziaz jokatu eta hipotesiak aurkeztuz ustezko kasuen inguruan aritzea, etorkizunean etor daitezken aurkikuntza berriek argi-izpi gehiago ematen diguten arte, behintzat.
5. Bibliografía75
1 Lan hau MICINN [PID2023-147858NB-I00] La fragilidad de la paz romana: la tregua y sus contextos durante la República romana proiektuaren eta UPV/EHUko “Relaciones políticas y categorías sociales en Grecia y Roma” GIU21/009 ikerketa-taldearen barruan kokatzen da.
2 Martín Almagro Basch, Erich Kukahn: “El Asklepios de Ampurias”, Empúries: revista de món clàssic i antiguitat tardana, 19-20, 1957, pp. 1-30.
3 Alberto Balil Illana, José Antonio Abásolo Álvarez: “El Asklepios de Villanueva (Ávila)”, Boletín del Seminario de Estudios de Arte y Arqueología: BSAA, 50, 1984, pp. 69-79.
4 Mª Pilar Molina Torres: Las devociones femeninas en la Hispania romana, Madrid, Universidad Carlos III de Madrid, 2018, p. 478.
5 María Ángeles Mezquíriz Irujo: “Catálogo de bronces romanos recuperados en el territorio de Navarra”, Trabajos de Arqueología Navarra, 23, 2011, pp.77-83.
6 Fanny Larre: “Les sites d’Arteketa-Kanpaita et de Phagalepoa sur la voie des Ports de Cize: un état des données”. ECOA III. El espacio circumpirenaico occidental en la Antigüedad: novedades y actualizaciones (2024/04/15): https://ehutb.ehu.eus/video/66262f02af192313f423aff4 (2025/07/29).
7 Mª Ángeles Alonso Alonso: Médicos y otros profesionales de la salud en la epigrafía latina de Roma y las regiones Italicae Augustae, doktorego-tesia, Santander, 2014.
8 Aipagarrienen artean honakoa azpimarratu daiteke. Mª Ángeles Alonso Alonso: Los médicos en las inscripciones latinas de Italia (siglos II a.C.-III d.C.). Aspectos sociales y profesionales, Santander Ediciones Universidad de Cantabria, 2018.
9 José Pablo Barragán Nieto: “El espacio de la mujer en la medicina romana”, en F. Oliveira, C. Teixeira, P. Barata Dias (coord.): Espaços e Paisagens: Antiguidade Clássica e Heranças Contemporâneas: Vol.1 Línguas e Literaturas: Grécia e Roma, Coimbra, Associação Portuguesa de Estudos Clássicos, 2009, p. 85.
10 Lucía Avial-Chicharro: “La medicina romana en Hispania a través de la cultura material” en Asociación Jóvenes Investigadores en Arqueología. Excavemos (ed.): Jornadas de jóvenes investigadores en arqueología. Libro I, Madrid, Universidad Complutense de Madrid, 2018, pp. 410-412.
11 Helena Gozalbes García, Mª Dolores Pozo Cano, Encarnación Martínez García, et al.: “Ars medica hispanorromana: el valor comunitario de los espacios curativos en la Hispania romana”, Temperamentvm, 17, 2021, p. 2.
12 Francois P. Retief, Louise Cilliers: “The healing hand: The role of women in ancient medicine: the Graeco-Roman world”, Acta Theologica, 7, 2005, p. 177.
13 Patricia González Gutierrez: Soror. Mujeres en Roma, Madrid, Desperta Ferro, 2021, p. 80.
14 María Jesús Pérex Agorreta: “Uso terapéutico del agua en época romana: el caso de Navarra”, Trabajos de arqueología Navarra, 24, 2012, p. 135.
15 Irene Mañas Romero: Las mujeres y las relaciones de género en la antigua Roma Síntesis, Madrid, Síntesis, 2019, pp. 144-147.
16 Guregandik hurbilen aurkitzen den Eskulapioren lekukotza, aipatutako Ávilako eta Empúrieseko adibideez gain, Akizen hauteman zen brontzezko estatua txiki bat da, bere testuingurutik kanpo, garaiko antikuario-zaharberritzaile baten bildumaren artean aurkitua. Jainkoa bere ohiko ikonografiarekin, soingainekoa jantzita (baina bitxikeria modura, bizarrik gabe), sendagile modura aurkezten da. Jacques Santrot, et al.: “Bronzes et fers de Dax, Landes: La cachette d’un «antiquaire-restaurateur» au IV e s. après J.-C”, Gallia, 53, 1996, pp. 282-288.
17 AE 1955, 33: Iu{i}liae sacrum / M(arcus) Caecilius Mon/tanus pro salu/te Fusci fili(i) / sui posuit / Quno fecit.
18 Fernando Fernández Palacios: “Comentarios de epigrafía vizcaína romana y la municipalización en el territorio de la actual Euskadi”, Gerión, 22(2), 2004, pp. 483-485.
19 ERAlavesa 76 = Actes-11-1, p 732,15 = HEp 2002, 1 = AE 1914, 00024 = AE 2003, 967: Matribus / Useis Pom(peia) / [P]rimitiva.
20 Julio Núñez Marcén, Álvaro Blanco: “Una nueva propuesta de lectura y contextualización de la conocida ara votiva a las “Matribus Useis” de Laguardia (Álava)”, Iberia: revista de la Antigüedad, 5, 2002, pp. 49-52.
21 María José Castillo Pascual: “Una dedicatoria a las Matres en Badarán (La Rioja)”, Hispania Antiqua, 23, 1999, p. 138.
22 CIL 02, 5816 = ERAlavesa 00053: Tutelae / sac(rum) / [he]red(es) / T(erenti?) Flaminini / p(osuerunt).
23 José María Blázquez Martínez, María Paz García-Gelabert: “Recientes aportaciones al culto de las aguas en la Hispania romana”, Espacio Tiempo y Forma. Serie II, Historia Antigua, 5, 1992, p. 28.
24 Juan Carlos Elorza Guinea: “Ensayo topográfico de epigrafía romana alavesa”, Estudios de arqueología alavesa, 2, 1967, pp. 151-152.
25 CIL 13, 411 (4, p 4) = CAG-40, p 67 = ILA-Landes 2: Tutelae / Sanctiss(imae) / Chrysant[h(us)].
26 Jean-Pierre Bost, Georges Fabre, Laëtitia Rodriguez: Inscriptions Latines d’Aquitaine (ILA). Landes et Pyrénées-Atlantiques, Bordeaux, Ausonius, 2015, pp. 57, 74-75.
27 Mathilde Lamothe: “De la déesse-mère aux savoirs naturalistes: qualifier les soins par les eaux dans les Pyrénées”, Annales du Midi, 134(317), 2022, pp. 11-12.
28 Viviane Delpech: “Dans l’ombre du prestige. Établissements de bains isolés et micro-stations thermales des Pyrénées occidentales”, Les Cahiers de Framespa [online], 38, 2021, pp. 6-9.
29 Dominique Ebrard: 50 ans d’archéologie en Soule: hommage à Pierre Boucher (1909-1997) = 50 urte arkeologia Xiberoan: Pierre Boucher-i (1909-1997) omen egite, Mauléon-Licharre, Association Ikerzaleak, 2013, pp. 251-253.
30 Mathilde Lamothe: “De la déesse-mère aux savoirs naturalistes: qualifier les soins par les eaux dans les Pyrénées”, Annales du Midi, 134(317), 2022, pp. 14-16.
31 Galia hegoaldean, Akitania inguruko termalismoa Antzinateaz geroztik aski ezaguna da eta ikerketa anitz burutu dira. Bertako panoramikaren sintesi modura, J.-Jacques Dubarry, Michel Richard: “Le thermalisme en Aquitaine Gallo-Romaine”, Histoire des sciences médicales, 28(3), 1994, pp. 217-222.
32 María Jesús Pérex Agorreta, Mercedes Unzu Urmeneta: “Termalismo y hábitat en el valle Medio del Ebro en época antigua”, Espacio Tiempo y Forma. Serie II, Historia Antigua, 5, 1992, pp. 295-308.
33 Honakoa da, esaterako, Belaskoaingo uren kasua, Manuel Jimeno Egurbide: Aguas y baños minero-medicinales-termales de Belascoáin (Navarra)...: memoria-guía del bañista / por el Doctor M. Jimeno y Egúrvide, Iruñea, Administración de la Sociedad “Burlada y Belascoáin”, 1905; bai eta Fiteroko termen kasua ere, Baños Viejos de Fitero: noticias generales de los baños antiguos y aguas termo-minerales primitivas de Fitero, Madrid, M. Minuesa, 1870; Tomás Lletget y Caylá: Monografía de los baños y aguas termo-medicinales de Fitero, Barcelona, Imprenta de Celestino Verdaguer, 1870.
34 Mª Jesús Pérex Agorreta, Carme Miró i Alaix: VBI AQVAE IBI SALVS Aguas mineromedicinales, termas curativas y culto a las aguas en la Península Ibérica (desde la Protohistoria a la Tardoantigüedad), Madrid, UNED, 2018, p. 270.
35 María Ángeles Mezquíriz Irujo: “Las termas romanas de Fitero”, Trabajos de arqueología Navarra, 17, 2004, pp. 273-278.
36 Pérex Agorreta, Miró i Alaix: VBI, p. 242.
37 Italian aurkitutako pieza guzti hauek 1986az geroztik sistematikoki publikatuak izan dira Corpus delle stipi votive in Italia, Roma, Giorgio Bretschneider Editore, serie ezberdinetan.
38 Alison Griffith: “Alternative Medicine in Pre-Roman and Republican Italy: Sacred Springs, Curative Baths and ‘Votive Religion’” en Christian Krötzl, Katariina Mustakallio, Jenni Kuuliala (eds.): Infirmity in Antiquity and the Middle Ages, Londres, Routledge, 2016, pp. 190-191.
39 Manuel Abad Varela: “La moneda como ofrenda en los manantiales”, Espacio Tiempo y Forma. Serie II, Historia Antigua, 5, 1992, pp. 137-138.
40 Abad Varela: “La moneda”, pp. 144-146; Pérex Agorreta, Miró i Alaix: VBI, p. 204.
41 Abad Varela: “La moneda”, p. 146.
42 Abad Varela: “La moneda”, pp. 146-147; Pérex Agorreta, Miró i Alaix: VBI, p. 271.
43 María Jesús Pérex Agorreta: “Uso terapéutico del agua en época romana: el caso de Navarra”, Trabajos de arqueología Navarra, 24, 2012, p. 134.
44 HEp 1990, 1 = AE 1986, 402: Leucinae / v(otum) s(olvit) l(ibens) m(erito).
45 Saturnino Ruiz de Loizaga: “Un ara votiva en Comunión”, Estudios de Arqueología Alavesa, 10, 1981, p. 300.
46 Joaquín Gómez-Pantoja: “Las madres de Clunia”, en Francisco Villar, Francisco Beltrán (eds.): Pueblos, lenguas y escrituras en la Hispania prerromana. Actas del VII Coloquio sobre Lenguas y Culturas Paleohispánicas, Salamanca, Ediciones Universidad de Salamanca, 1999, p. 424.
47 Julio Núñez Marcén, Álvaro Blanco: “Una nueva propuesta de lectura y contextualización de la conocida ara votiva a las “Matribus Useis” de Laguardia (Álava)”, Iberia: revista de la Antigüedad, 5, 2002, pp. 61-62.
48 José María Blázquez Martínez, María Paz García-Gelabert: “Recientes aportaciones al culto de las aguas en la Hispania romana”, Espacio Tiempo y Forma. Serie II, Historia Antigua, 5, 1992, p. 28.
49 Hispanian esaterako Alhama de Aragón (Aquae Bilbilinanorum) eta Chaves (Aquae Flaviae) udalerrietan dokumentatzen da jainkosaren eta uren arteko erlazioa. Ibid. p. 40.
50 Bost, Fabre, Rodriguez: Inscriptions, pp. 57, 64-65.
51 Javier Andreu Pintado: “Aspectos sociales del culto a las aguas en Hispania: las dedicaciones a las Nymphae”, en Jean-Pierre Bost (ed.): L’eau: Usages, risques et représentations dans le Sud-Ouest de la Gaule et le Nord de la Péninsule ibérique de la fin de l’Age du fer à l’Antiquité tardive (IIe sa C–VIe sp C.), Bordeaux, Fédération Aquitania, 2012, pp. 343-345.
52 ERAlavesa, 8: Capito ar(am)/ Nym[ph]is/ [po]suit/ [l]ibens mer/it.
53 Perex-2017, p 187a: Nymph[is] / bonis / et locos. Pilar Ciprés Torres eta Mari Cruz González-Rodriguezek, aldiz, 2019an publikatutako azken berrikusketa baten ostean, honako irakurketa proposatzen dute inskripzioarentzat: Nymf(is) et / Bonis / et Locos(acrum siue -acro).
54 Perex-2017, 00187b: V(otum) [s(olvit) l(ibens)] m(erito) / Nin[ph(is)].
55 Kasuren batean testuaren irakurketa V. M / NINII modura egin da eta bertatik interpretatu da, aurkikuntzaren testuinguruaren laguntzaz, ustezko ninfen aipua.
56 SEBarc-2002-49 = HEp 2002, 357 = AE 2002, 798: S(empronia?) Flava / Nym/phis / v(otum) s(olvit) l(ibens) m(erito).
57 Sempronius gentilizioak nahiko ohikoa dirudi inguru hauetan eta herrixka berean izen honetako familia bat bederen egon zela egiaztatu da (bigarren adibide bat: IRMusNav 00019 = HEp 1994, 00572 = AE 1911, 00092).
58 AE, 2002, 798 = HEp 2001, 339 = IRMusNav 26 = TAN-2001-157: Quintus/ Licinius/ Fuscus aquile-/ gus Varaien-/ sis nimpis/ vivens m(erito)/ v(otum) s(olvit).
59 Bigarren adibidea Leongo Boñar udalerrian agertu zen ur-termalen iturburu baten testuinguruan (CIL 02, 2964).
60 María Ángeles Mezquíriz Irujo, Mercedes Unzu Urmeneta: “Presencia de un aquilegus en Leire. Posible sustrato romano”, Trabajos de Arqueología Navarra, 15, 2001, pp. 162-164.
61 Plinio Zaharrak horietako batzuk aipatzen ditu: Pozzuoli Kanpanian, Statiellae Ligurian, Sextiae Narbonensen, edota Kanpanian Bayasko badian, azken hauek bereziki emankorrak eta ezagunak Inperio osoan zehar (N.H., 31.2.4).
62 María Jesús Pérex Agorreta, Jesús Rodríguez Morales: “Las stationes con Aquae… en la Tabula de Peutinger”, Espacio Tiempo y Forma. Serie I, Prehistoria y Arqueología, 4, 2011, pp. 153-155, 169.
63 Terma hauek ez dira nahasi behar helburu terapeutikoekin hartzen ziren bainuekin. Horiek ez bezala, bide ertzean aurkitzen ziren terma hauek, ziurrenik, ez ziren iturburu mineralekiko menpekotasun geografiko batean aurkitzen, eta bertaratzen zirenek sendabidea baino atsedena eta berreskurapena bilatuko zuten ziur aski. Dena den, erromatar termek higienea, osasuna eta aisia batzen zituzten euren baitan, bata bestearengandik bereizteko beharrik gabe.
64 Iter XXXIVari lotuta ez ezik, Euskal Herrian beste terma erromatar batzuk ere ezagutzen dira, Irunen (Gipuzkoa) Oiassoko terma erromatarrak kasu, María Mercedes Urteaga Artiga: “Las termas públicas de Oiasso (Irun, Gipuzkoa)” en José Miguel Noguera Celdrán, et al. (coords.): Termas públicas de Hispania. Actas del Congreso Internacional Termas Públicas de Hispania (Museo Arqueológico de Murcia-Museo del Teatro Romano de Cartagena, 19-21 de abril de 2018), Murcia-Sevilla, Servicio de Publicaciones de la Universidad de Murcia y Editorial Universidad de Sevilla, 2020, pp. 505-516.
65 Biak ala biak jatorrian cursus publicus edo posta ofizialari lotutako guneak badira ere (baina erabilera anitzekoak), Julio Núñez Marcén eta Paquita Sáenz de Urturik egokiago jotzen dute lehenengoa mansio modura izendatzea, hau da, geraleku handiago eta garrantzitsuagoa izango zelarik, eta Mariturrikoari, aldiz, mutatio izendapena ezartzea, bigarren mailako instalazio modura. Sailkapen hau faktore geografiko eta tipologikoen baitan ezartzen dute. “Una mutatio de la vía ab Asturica Burdigalam en Mariturri (Vitoria/Álava)”, Archivo Español De Arqueología, 78(191-192), 2005, pp. 189–190, 198-204.
66 Arkaiako termagunea ondo dokumentatuta dago monografiko honetan: Ramón Loza Lengaran, Miguel Loza Uriarte, Javier Niso Lorenzo: Las termas romanas de Arcaya / Suestatium (Arkaia. Vitoria-Gasteiz): Memoria de las intervenciones arqueológicas en Otazibarra (1976-1982), Vitoria-Gasteiz, Arabako Foru Aldundiaren Argitalpenak, 2014. Mariturrikoaren harira, aldiz, oraindik gaurkoz ez dago ikerketa sendorik baina hipotesien arabera eraikuntza termal xume baten balizko aztarnak izan litezkeenak identifikatu dira, Julio Núñez Marcén, Silvia Saiz Alonso: “Un pequeño Eros de bronce procedente del yacimiento de Mariturri (Armentia, Vitoria-Gasteiz)”, Veleia, 24, 2008, p. 1110.
67 Oihane Mendizabal Sandonís, et al.: “Yacimiento arqueológico de Artzi: campaña de excavación de 2021”, Trabajos de Arqueología Navarra, 33, 2021, pp. 113-119.
68 Oihane Mendizabal Sandonís, et al.: “Yacimiento arqueológico de Zaldua (Auritz/Burguete): resumen de la campaña de 2023”, Trabajos de Arqueología Navarra, 35, 2023, pp. 209-214.
69 Bi aztarnategi hauetan egun ere indusketa lanek aurrera dihardute Oihane Mendizabal Sandonís arkeologoaren zuzendaritzapean eta Aranzadiko lan-talde eta boluntarioen parte-hartzearekin. Ikerketa-lanek martxan jarraitzen dute termaguneen inguruko material eta hipotesi berriak zabalduz.
70 Donazaharre tradizionalki iturri idatzietan Imus Pyrenaeus moduan izendatuta agertzen den ustezko gunearekin lotu izan da. Louis Colas: “La voie romaine de Bordeaux à Astorga dans sa traversée des Pyrénées”, Revue des Études Anciennes, 14(2), 1912, pp. 176-178. Egun, ordea, baieztapen honek zalantza ugari berpiztu ditu lotura hau egiteko dagoen ebidentzia sendoen falta medio.
71 Alain Bouet, Jean-Luc Tobie: “Les thermes d’Imus Pyrenaeus (Saint-Jean-le-Vieux, Pyrénées-Atlantiques)”, Aquitania, 19, 2003, pp. 155-179.
72 Almudena Domínguez Arranz, Vanessa Puyadas Rupérez: “Más allá de la domus: experiencias femeninas en espacios masculinos”, Saldive, 18-19, 2018-2019, p. 123.
73 CIL 13, 414, ILA-Landes et Pyrénées-Atlantiques, 6: A]emilius Pla-/cidus Pompaelo-/nensis an(norum) XX[---]/h(ic) s(itus) est.
74 Bost, Fabre, Rodriguez: Inscriptions, pp. 57, 80-81.
75 Sancho el Sabio fundaziotik kontsultatutako bibliografia: Baños Viejos de Fitero: noticias generales de los baños antiguos y aguas termo-minerales primitivas de Fitero (1870); Ciprés Torres, Pilar, González-Rodríguez, Mª Cruz (2019); Ebrard, Dominique (2013); Elorza Guinea, Juan Carlos (1967); Fernández Palacios, Fernando (2004); Jimeno Egurbide, Manuel (1905); Lletget y Caylá, Tomás (1870); Loza Lengaran, Ramón, Loza Uriarte, Miguel, Niso Lorenzo, Javier (2014); Mendizabal Sandonís, Oihane, et al. (2021); Mezquíriz Irujo, María Ángeles (2004) (2011); Mezquíriz Irujo, María Ángeles, Unzu Urmeneta, Mercedes (2001); Núñez Marcén, Julio, Saiz Alonso, Silvia (2008); Ruiz de Loizaga, Saturnino (1981).